XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ai, Txanton, iñuzente ori...! Orretarako trena artu bear da zulotzaillearen beste aldetik.

- Bai, baiña, estaziño guztietan artu bear dan ardura ori, aspergarria izango da, urrean, Iñaki.

- Ezelan be ez, Txanton.

Ain luzaro jesarrita egon ondoren, on yatzu jatsi ta igon bear ori.

Begira, ni orain Donostia'tik urtetean baizen eroso aurkitzen naz.

- Ikusi be, ikusi! esan eutsan Txanton'ek.

Edozelan be, gauza barriak ikasteko ez dago oberik gure anaidiko batzarrak baiño.

Ta, zuk Pirmin, zelan egin dozu Iruiña'tiko ibillaldia?.

Ez niri esan, gero, duan urten yatzula....

- Ain zuzen be, olantxe izan da, Txanton, siñistu ez ba'dagidazun be.

- Zelan daiteke ori, baiña?.

- Begira: zure deia artu nebanean, Iruiña'tik Gasteiz'erako estaziñora joan nintzan.

Aldamenak aztertzean, lurrean jaurtiak dagozan bide-txarteletik, garbienak ziran batzuk artu nebazan.

Gero etxean osoenak aukeraturik, eukazan zulotxuak beste txartelen zatitxuakaz, eta jakiña, margo bardiñekoak, bete nebazan.

Orretarako, ebagiriko zatitxuen era berbera izan bear dabe.

Zulotxuak bete ondoren, atzekaldean ildaskatua dagoan eguna, untze baten bidez ibillaldia egingo dan egunari, egokitzen yako ta kito....

Olan ba, Iruiña'tik Gasteiz'erako lenengo maillan Eroan eta ekarri'ko txartela lortu dot.

Gasteiz'en, Pruden kamioi bete lursagar banatzeko eukala, nire begira egoan, eta biok bideko errietan lursagarrak banatuz, onaiño eldu gaiatzuz.

Biar, era berean Gasteiz'era biurtuko gara, ezta, Pruden?.

- Bai Pirmin, eta bidebatez zorro utsak jasoko doguz.

- Eta niri bota eban Txanton'ek bizarrari teink egiñez Urkiola'ra edo beste iñora joan bear dodanean kentzen daustazan diruak...!.

Aurrerantzean, nigandik ez dabe ezkurrik be ikusiko!.

Ordurako, astirik izan neban zekendiaren lagunen itxurea ikusteko.

Iñaki, ogetamar bat urteko mutil sendo, ederra, ule kirimilduko ta aurpegi alaikoa zan.

Pirmin napartarra, berrogeitsu urteko gizon garai ta argala, begikera benazkoa zan, zelan edo alan Auñamendi'ko artzain bizkorra emoten ebana.